EZAUGARRIAK
GURASO EDO ZAINTZAILEEN EZAUGARRIAK
1. Nortasunaren eta ongizate psikologikoaren ezaugarriak. Beren seme-alabekin tratu txarrak erabili edo axolagabekeriaz jokatzen duten guraso gehienek problema emozionalak eta ezongi psikologikoaren sintomak izaten dituzte. Horien artean honako hauek daude: auto-estimu txikia, bere barne-bulkaden kontrol eskasa, depresioa, antsietatea edo delitu jokabideak.
2. Babesgabetasun historia haurtzaroan. Gurasoen haurtzaroko historiak garrantzi handia du gero bere seme-alabekin edukiko dituen harremanetan. Babesgabetasun egoerak jasan dituzten gurasoek edo guraso eredu egokirik izan ez dutenek beren seme-alabez modu egokian arduratu eta haien beharrei erantzuteko arazoak izan ahal dituzte.
Adituek diotenez, haurtzaroan tratu txarren biktimak izan diren gurasoak seme-alabak dituztenean kasu berdina errepikatu daiteke.
Dena dela, honek ez du esan nahi berdina errepikatzen denik kasu guztietan. Biktimak izan diren guraso batzuk ez dute zertan tratu txarrik eman behar, edo alderantziz.
Oraindik ez dakigu zergatik tratu txarrak jasan dituzten ume batzuk tratu txar emaileak bihurtzen dira eta beste batzuk ez.
3. Toxikomaniak eta alkoholismoa. Haurren babesgabetasun kasuetako askotan, gurasoetako batek edo biek alkoholismo edo toxikomania arazoren bat izaten du.
Droga edo alkohol gehiegi hartzeak buruaren funtzionamendua eragotzi egiten ditu, ezagutzaren ahalmena eta haurra babesteko pertsonak daukan ahalmena. Arazo horiek jasaten dituzten gurasoek ez dira seme-alabez arduratuko, dirua drogetan edo alkoholean gasta dezakete, familiaren beharretan erabili ordez, edo legez kanpoko jardueretan sartu daitezke eta haurra arriskuan jarri. Horretaz gain, droga edo alkohol gehiegi hartzeak gurasoen eta seme-alaben arteko harremanetan edo haurren garapenean eragina izan dezake.
Gaur egun arte egindako ikerketek dioten bezala, zenbait faktore daude indarkeria gelditzen dutenak; “faktore babesleak” esate baterako. Horien artean oso garrantzitsua da haurtzaroan, atxikimendu eta lotura aldetik, gurasoen ordezko beste irudi positibo batzuk izatea. Droga edo alkohol gehiegi hartzeak jaio aurretik ere kalte egin diezaioke haurrari, haurdunaldian. Egoera horiei, kasu batzuetan oso larriak izan ahal direnez, “jaio aurreko tratu txarra” deritzo. Drogak edo alkohola gehiegi hartzean nahaste hauek sor daitezke, hala nola, buru nahasteak, IHESA, etxeko indarkeria edo pobreziako beste arazo batzuk.
4. Jarrerak eta ezagupenak. Kasu askotan, gurasoek tratu txar emaile eta axolagabeek jarrera eta ikusmen negatiboak izaten dituzte, haurraren portaerari dagokionez. Haurren garapenari buruzko ezagupen nahikorik ez badago edo iritzi okerrak izatea ere maiz agertzen den kontua izaten da halakoetan.
Honek , gurasoek haurrari buruz errealak ez diren aurreikuspenak edukitzea ekar dezake. Haurrak aurreikuspen horiek betetzen ez baditu, arrazoirik gabeko zigorra jaso dezake (esate baterako, urte eta erdiko haurra jotzea, galtzetan pixa egiteagatik). Beste guraso batzuk, beren seme-alaben jokabidea ezin badute kontrolatu eta bideratu, frustraturik senti daitezke ,horregatik hitzez edo fisikoki eraso egin diezaiekete. Beste batzuetan, beren jarreren bitartez, haurrak gutxietsi egiten dituzte.
5. Adinak eragin handia dauka. Gurasoak gazteegiak direnean, bereziki aita edo ama nerabe badira, haurrak babesik gabe geratzeko arriskua dagoela ikusi daiteke, bereziki horrekin batera arazo ekonomikoak, laguntza falta eta estres maila handia ere suertatzen badira.
FAMILIAREN EZAUGARRIAK
1. Familia egitura. Guraso bakarra izatea arrisku faktorea da haurra babesik gabe gertatzeko. Egindako ikerketek aditzera ematen dute guraso bakarreko familiek – jeneralean ama buru izanik- guraso bikoek baino arazo ekonomiko eta estres gehiago dutela eta kanpoko laguntza txikiagoa izaten dituztela. Eragin negatibo horiek bereziki garrantzitsuak izaten dira falta den gurasoa – eskuarki aita – haurrekin harreman positiborik ez badu eta amari laguntzarik ematen ez badio.
Bestalde, familia axolagabeekin egindako ikerketek aditzera ematen dute horietan seme-alaben kopurua handiagoa izaten dela axolagabe ez direnetan baino, etxe berean jende gehiago bizi izaten dela eta familia osatzen duten pertsonak gehiago aldatzen direla.
2. Bikotekideen arteko gatazka edo etxeko indarkeria. Etxeko indarkeria gertatzen den familia askotan (% 30etik %60ra bitarte) aldi berean haurrak babesik gabe egoten dira. Indarkeria den familietan bizi diren haurrak indarkeria horren lekuko izan daitezke, beraiek eraso fisikoak edo hitzezkoak jasan ditzakete, edo gurasoak ez dira haietaz arduratuko, beren borroketan murgilduta egoteagatik.
3. Estresa. Estres mailak familiaren funtzionamenduarekin eta haurrak babesik gabe gertatzeko arriskuarekin zerikusi handia duela dirudi. Hala ere, ez dago garbi familia tratu txar emaile eta axolagabeek estres faktore handiagoak jasan behar izaten dituzten edo gertaera estresagarriei aurre egiteko baliabide gutxiago ote duten.
4. Gurasoen eta seme-alaben arteko harremana. Guraso tratu txar emaile eta axolagabeek oso gutxitan aitortu edo indartzen dituzte seme-alaben jokabide positiboak; negatiboez, aldiz, berehala ohartzen dira. Laguntza txikiagoa ematen diete beren seme-alabei, maitasuna gutxiagotan adierazten diete, haiekin jolasean ere bakanago aritzen dira eta hotzagoak izaten dira.
HAURREN EZAUGARRIAK:
Haurrak ez dira beren babesgabetasunaren erantzule, baina beren ezaugarrietako batzuek zerikusia dute babesik gabe gelditzearekin.
1. Adina. Gazteenek, gorputzez ere txikiago, garapen maila apalean eta etengabe norbaiten zaintzapean egon behar izanik, babesik gabe geratzeko arrisku handiagoa dute.
2. Ezgaitasunak: Ezgaitasun fisiko, kognitibo edo emozionalak dituzten haurrek, tratu txarrak jasotzeko arrisku handiagoa dutela dirudi. Orokorrean, gurasoek haur bati desberdin tratatuz gero, bai osasun zainketan, bai izaera zailekoak direnak, tratu txarrak jasotzeko arrisku handiagoak dituzte. Haur hauek harremanak finkatzeko eta tratu txarren aurrean defenditzeko arazoak izaten dituzte.
3. Jokabide arazoak: Zenbait ikerketa egin ondoren, esaten dute ezaugarri jakin batzuk dituzten umeak babes gabe geratzeko arrisku handiagoa dutela. Adibidez, erasokortasuna, izaera zaila, arreta falta, portaera arazoak dituztenak …
Horrelako arazoak dituzten umeak, normalean gurasoak kasu egin eta modu egokian tratatzen dituzte, baina batzuetan arazoa ez da haurrena baizik eta gurasoena, ez direnean ohartzen arazoaz. Gainera, babesik gabeko egoerak berak haurraren zailtasunak areagotu ditzake, adibidez ume batek tratu txarrak jasaten baditu, jokaera erasokorrak gara ditzake.
INGURUAREN EZAUGARRIAK
1. Pobrezia eta langabezia. Arazo ekonomiko ez dituzten edo lan arlokoak dituzten guraso gehienak modu egokian arduratzen dira beren seme-alabez. Tratu txarra edo axolagabekeria gizarteko maila guztietan gertatzen dira. Dena dela, egia da pobrezia eta langabezia estres faktoreak direla, familiaren bizimodua zaildu, gurasoak kezkatu eta gisa honetako egoerak agertaraz ditzaketenak.
2. Gizartean bakarturik eta laguntzarik gabe. Faktore hau oso lotua dago haurrak babesik gabe gertatzearekin. Gizartean laguntzarik gabe egonez gero, gurasoen ardurak modu egokian betetzea oso eginkizun zaila izan daiteke eta guraso lana betetzeko bestelako eredu alternatiborik ez da izaten.
3. Indarkeria ingurunean. Indarkeria nagusi den auzo batean edo indarkeria ohikoa den edo arazoak konpontzeko nahiz zerbait lortzeko erabiltzen den kultur giro batean bizitzea arrisku faktorea da, bertan haurrak babesgabetasuna jasan dezan. Egoera horiek eragin negatiboa dute, hala giro horretan bizi diren gurasoentzat nola lekuko diren haurrentzat, beraiek ere indarkeria erabiltzen ahal baitute arazoak konpontzeko estrategia gisa.